XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Operazio Konkretuen Estadio honen barruan (7-11 urte) haurrak alde batera uzten du bere egozentrismoa eta lagun-talde batean ibiliko da.

Irakurketetan, literatura fantastiko-errealista izango du gogokoena (abenturak, ipuin fantastikoak, animali-bizitzak, biografia, umorea, fantasia).

Dena den, oso aldi luzea da eta zuk eskatu zenidan ahal izanez gero, urtez-urte zer dagoen euskaraz.

Begira, Antxon: zazpi urterekin Birigarro saila eta Perkax saileko hainbat liburu irakur ditzakete (Lotara joateko ipuinak, Margolin, Kaskarintxo, etab.), Bapore bildumako liburu urdinak ere adin honetarako dira.

Ez dut esan nahi Perkax edo Birigarro sailetako guztiak zazpi urteko haurrentzat direnik, baizik bilduma horietako liburuak zazpi urtetik aurrera irakur daitezkeela (idazkeraren zailtasunean, esate baterako, ezberdintasun handia dago Nire belarriak eta Patxiki-ren artean, eta biak nik idatziak dira).

Baina jarrai dezagun aurrera, bestela inoiz ez duzu bukatuko eskutitz hau irakurtzen.

8 urtetik aurrera, honako bilduma hauek irakur daitezke: Sorgin saila, Birigarro (B. Atxagaren liburuak), Ziripot eta Txalupa.

Konturatuko zinen bezala, fantasia da nagusi gai aldetik, eta marrazkiak pisu handia du liburuan, lagungarri bezala dago eta testua osatuz, ulermena hobetzeko.

Nahikoa marrazki onak dira, eta goiko lau bilduma horietan koloretakoak dira (kalitatea handituz).

8-9 urteotarako, bilduma berri bat dugu euskal literaturan: Kale gorrian, Asun Balzola-ren testu eta marrazkiez osatua.

Bilduma honetan giza arazo ezberdinak azaltzen zaizkigu, eta nahikoa aproposa dirudi gaur egungo gizartea ezagutzeko.

Lehenengo bi liburuetan langabezia eta aitona-amonen arazoak planteatzen dira.

Gainera, eta hau, Antxon, oso erabilgarria izan daiteke klaseetan, liburuarekin batera egunkari txiki bat dator gai horri buruz hainbat berri, informazio, inkesta, dakartzalarik.

Bederatzi urteko haurrak erdiko zikloan daude, eta aldi fantastiko-errealistan sartzen dira.

Euskaraz badaude bilduma batzuk hauentzat, baina nabari da hutsune bat Perkax eta Sor sailen artean, Birigarro eta Auskaloren erdian.

Egia da Sor eta Itzul saileko liburu batzuk irakur daitezkeela bederatzi urtetik aurrera (Norena da basoa, esaterako) edo Ziripot bildumakoak irakurgai interesgarriak izan daitezkeela, baina hala ere, Antxon, nire ustez, adin honetan goiko eta ondorengo bildumetako zailenak eta sinpleenak hartu beharko dituzue.